Sekuentzia Didaktikoa eta Gaur egungo Hezkuntza... Nire iritzia

Egindako lanaren inguruan nire iritzia ematea gustatuko litzaidake. Gauza da lan gogorra egin zaigula. izugarria da lanak eskatu duen eduki eta zehaztasun maila. Gainera denboraren aldetik oso justu ibili gara eta batzuetan, estresatzera ere iritsi gara. Bukatu dugun arte ez nahiz konturatu lanak izan duen benetako balioaz.

Alde batetik, lanaren bidez irakasle guztion rolak barne hartzen duen erantzukizun nagusietako bat ezagutu eta neurri batean horri aurre egiteko aukera izan dugu. Errealitatean suerta daitekeen egoera baten aurrean irakasle batek hartu beharko lituzkeen funtzioak betetzen saiatu gara. Ikasleak bezala emaitza ona lortzeko lana egiteaz gain, etorkizunean irakasleak izango garen heinean ikasketa esperientzia benetan esanguratsua eskainiko lukeen ekimena diseinatzea izan da gure erronka eta helburu nagusiena. Gure buruak hezkuntza eremu errelean kokatu eta guk geuk pentsatutako arazo egoeran guztiz murgildu gara. Ekimenari zentzu aplikagarria ematen saiatu gara. Horretarako, alderdi ezberdinen arteko konexioak eta jarraitasuna lortu nahi izan dugu. Gainera, beharrezkoa izango litzatekeen materiala prestatzeaz ere kezkatu gara. Klasean egonda, proposamen didaktikoa aurrera eramateko beharko genituzkeen azalpen kontzeptualak, baliabide bisualak, ariketa txostenak, jarduera zehatzetarako beharrezkoak ziren txantiloiak, ebaluazio instrumentuak… sortu ditugu. Beraz, lanketa oso sakona izan dela esango nuke.

Beste alde batetik, HEZIBERRI dekretuarekin lan egiteko aukera bikaina izan da. Inoiz ez irakurri eta erabiliko genuela pentsatzen genuen dokumentu hori gure lanaren ardatza bihurtu da, gure irudimenarekin eta sormenarekin batera noski. Printzipioz oso abstraktua dirudien materiala izan arren, honen edukiari aplikagarritasuna bilatu eta nolabaiteko zentzua eman diogula uste dut. Gauza da Sekuentzia Didaktikoa garatzeko behar genuen alderdi ezberdinei buruzko informazioa HEZIBERRI-n bilatu eta zuzenean aurkitu dugula (konpetentziak, helburuak, edukiak, ebaluazio irizpideak…). Etorkizunean guraskide gure irakasle-ibilbidea gidatuko edo mugatuko duen dekretuarekin ohitzen hasteko aitzakia ona izan da lan hau.


Edonola ere, landutako eta erabilitako guztiak ondorio garbi batera eraman nau: gaur egungo hezkuntza sistema ez zait batere gustatzen. Une honetan, hezkuntza goitik behera sistematizaturik eta planifikaturik dago. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesua guztiz zehaztu nahian sekulakoa da sortu den “paranoia”. Hezkuntza praktika desmuntatu eta zati ezberdinetan sailkatu dute, zati horietako bakoitza praktika esanguratsua bermatzeko ezinbesteko alderdia dela argudiatuz. Sistematizazio hori aurrera eramateko tresna lengoaia izan da. Hezkuntzarako lengoai tekniko eta espezifikoa asmatu eta kontzeptu eta ideia guztiak izendatuta-definituta geratu dira (helburu, eduki, konpetentzia, ebaluazio…). Kezka nagusia zehaztasuna eta egokitasuna da. 

Horrek iradokitzen didana da momentuko sistema hezkuntzaren diseinua egiteaz kezkatzen dela hezkuntza egiteaz kezkatu beharrean. Badirudi gaur egun ez dela hezkuntza ondo edo gogoz egin behar, hezkuntza “modu zuzena” jarraituz egin behar dela baizik. Honek, alde batetik irizpide eta arauen zerrenda amaigabea jarraitzea dakar (baina horiek guztiak izen bikainekoak noski). Eta bestetik, naturaltasunari eta espontaneotasunari uko egitea eskatzen die irakasleei. Hala ere, egia da begirada tekniko hau praktikotasunaren aldatik eraginkorra izan daitekeela. Guztia kontrolaturik izatea da erosoena, kaosa zernahi egiteko oso desatsegina egiten zaigu eta. Dena den, ni ikaslea baino ez naiz, eta ez zait egoera ordezkatu dezakeen proposamenik bururatzen. Ardura zuzenik ez duenaren luxua da besteon proposamenak kritikatzea.

Imagen relacionada



Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Zer da didaktika?

Metodologia Aktiboak

Zer da Curriculuma? Motak? Zehaztapen mailak?