Zer da didaktika?
Berez, definizioa ematea ez da zaila. Hezkuntza zientzien eskema begiratu baino ez dugu egin behar Didaktika definizioz zer den jakiteko. Didaktika hezkuntza zientzia aplikatzailea da; pedagogiak zehaztutako teoria eta helburuak jarraitu eta hezkuntzaren teknikak eta praktikak aztertzeaz eta garatzeaz arduratzen den pedagogiaren arlo aplikatua. Hori definizio teknikoa litzateke, edozein entziklopediak emango lukeena. Baina guretzat ez da nahikoa. Definizioaren espezifikotasuna dela eta, ezinezkoa da horren bidez Didaktikak bere barruan hartzen duen guztia azaltzea. Didaktika benetan zer den ondo ulertzeko beharrezkoa da honen munduan sartu eta barruan hartzen dituen ideia eta kontzeptu ezberdinen artean murgiltzea. Eta horixe da nik da egingo dudana; ikasitako kontzeptu nagusiak gogoratu eta horien arteko konexioak ezarri, azalpen osoagoa eskaintzeko.
Curriculuma da azaldu beharreko kontzeptu nagusietako bat. Hezkuntza bi azpi-prozesuk osatzen dute: irakaskuntza eta ikaskuntza. Bi hauek elkarrekin lotuta daude eta elkar elikatzen dute. Curriculum-a, berez, ikasten dugun guztia da. Ideia bi horiei erreparatzen badiegu azpimarratu beharreko zerbait azaltzen da; irakasten dena eta ikasten ez dena ez da curriculumaren barne sartzen. Airean geratzen den guzti hori ez dugu barneratzen, eta, hortaz, ezin da ikasitako multzoaren barne sartu. Curriculumarena kontzeptu konplexua da, eta gauza asko hartzen ditu bere barruan. Esate baterako, ez dago mota bakarra eta adituek curriculum mota ezberdinotaz hitz egiten dute.
Alde batetik, curriculum formalaren eta curriculum errealaren ideiak agertzen dira (Angelo Montoni Rios, 200). Curriculum formala esaten zaio irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren planifikazioari, eta, beraz, ezagutza abstraktu, gaitasun eta trebetasun teoriko-praktikoen multzoari forma eta edukia ematen dion guztia dela esan dezakegu. Curriculum errealak, ordea, curriculum formala praktikan jartzeko ekintza, curriculum formalaren eta ikasgelako errealitatearen arteko aldeak eskatzen dituen beharrezko moldaketak eta ikasleak gelan biziko dituen esperientziak biltzen ditu.
Beste alde batetik, curriculum ezkutua eta curriculum ausentea ditugu. Lehenengoa era inplizituan transmititzen diren eduki guztiak dira: balioak, ezagutzak, ideiak… (Jackson, 1968). Curriculum ausentea, ordea, zerbait ez dagoenean eta hori bera ez egoteagatik ikasten duguna da. Honen adierazle nagusietako bat hezkuntzan ematen den Androzentrismoa. Emakumeen inbisibilizazioak historian, matematikan, natur zientzietan... emakume garrantzitsurik egon ez dela transmititzen du.
Halaber, gaur egungo curriculuma hainbat maila desberdinetan banatuta dago: 1. maila, 2. maila eta 3. maila. Maila horiek irizpide zehatz batzuen arabera desberdintzen dira (dokumentuaren izena, definizioa, izaera, arduraduna, baldintzatzaileak, osagarriak…). , eta orokortasun zabaletik kasu zehatz eta konkretuetara joaten dira. Lehenengo biak OCD-a (Gobernuak inposatzen duen dokumentua eta ikastetxeek jarraitu behar dutena.) eta IKP-a (Ikastetxearen baldintzatzaileak kontuan hartuta hartzen diren erabakien multzoa) dira. Azkena Gelako Programazioa (Urte oso batean aurrera ematen diren UD-en multzoa) da, eta Unitate Didaktikoen multzoa da. Horien bidez, irakasle bakoitzak bere ikasleei jarduerak eta estrategiak proposatzen dizkie haien ikaskuntza prozesua garatzeko. Batzuetan, 4. maila batez ere hitz egiten da; Banakako Egokitzapen Curriculuma (behar bereziak azaltzen dituen ikasleriarentzat, OCD-an burututako banakako egokitzapena).
Curriculuma hezkuntza-praktikarekin zuzenki lotutako kontzeptua da. Hori ez du esan nahi Didaktikak soilik hezkuntza prozesuari arreta jartzen dionik. Izan ere, testuinguruak honetan duen eragina izugarria dela kontuan hartu, eta horren inguruan ere aztertzen du. Gaur egun, gure egunerokotasunean irudiez inguraturik bizi gara. Bizitzak irudiekin "bonbardatzen" gaitu gizartean, instituzioetan, komunikabideetan, kalean… eta horien eragina ondo kudeatu beharreko kontua da. Hezkuntza errealitate horretaz ohartu eta bere erantzukizunen eremura eraman beharko luke. Hezkuntza sistemaren eta irakasleen papera da kultura bisualaren nagusitasunaren aurrean ikasleak prestatzea. Irudiak, testuak bezala, mezuak eta ideiak zabaltzeko tresnak dira. Irakasleek irudien produkzio prozesua (hautaketa eta manipulazioa) eta artifizialtasuna identifikatu eta ikasleei hori bera identifikatzen lagundu behar diete. Espiritu kritikoa da sustatu behar dena, haien kabuz irudien irakurketa sakona egiteko gaitasuna garatu dezaten, eta besteon interes eta tranpetan erori ez daitezen.
Pertsonak ere, Didaktikaren kezka nagusietako bat dira. Hezkuntza pertsonengan, haien garapena sustatzeko egiten den esku-hartzea dela esan dezakegu. Beraz, irakaskuntza-ikaskuntza prozesua aztertzean haiei ere arreta jartzea ezinbestekoa da. Arreta hori bideratzeko aukera bat hezkuntzan parte hartzen duten gorputzen inguruan hausnartzea izan daiteke. Eskolan ikasten duten gorputzak eta eskolaz kanpo ikasten duten gorputzak alderatzea aukera bat izan daiteke. Beste aukera bat hezkuntza tradizionalean eta pedagogia libertarioan proposatzen diren gorputz jarrerak alderatzea izan daiteke. Bi horiek amankomuneko ondorio batera eramaten gaituzte. Ikasten duen gorputza gorputz askea izan behar du. Sekulako zentzugabekeria da ikasketa prozesuan parte hartzen duen gorputzaren egiteko eta mugitzeko aukerak mugatzea. Gorputzaren inplikaziorik gabeko ekintzak dakarren ikasketak ez du ezertarako balio. Hortaz, eskolan gorputz-lurraldeari ez litzaioke inolako mugarik jarri beharko. Pasibotasuna sustatu beharrean, mugimendua sustatu beharko litzateke, hori ikaslearen garapen osasuntsu eta integralerako gako bat da eta.
“Kritika” bera ere Didaktikaren funtsezko osagaia da. Begirada kritikoarekin aztertzen du hezkuntza, horrek hezkuntza sistema bera eztabaidan jartzea dakarrenean ere. Horren adierazlea sutsua da Iván Illich adituaren planteamendua. Gizartea aldatzeko borrokaren aldarrikapen bizia da hura. Produkzio industrialaren gizartea kritikatu eta honen erremintatzat hartzen zuen eskola erakundearekin ere oso zorrotza izan zen Illich. Gizarte modernoetan eskola erakundeak (hezkuntzaren ordezkari nagusia) irakaskuntza merkantzia kuantitatibo eta akumulatibo batean bihurtzen duela salatu zuen. Honela irakaskuntza produkzioaren eta kontsumoaren araberako antolaketa ezartzen duen erregimen baten menpe geratzen da. Horren ondorioz, ikaslearen alienazioa ematen da, hau da, eskolak ikaslea bere irakaskuntza prozesutik aldentzen du.
Bere ustez, eskola ez da ezagutzak eta konpetentziak transmititzeko bide egokia. Honek pertsonei haien kabuz ikasi ezin dutela sartzen die buruan eta guztiz inhabilitatzen ditu. Arazo horren aurrean, deseskolaratzea proposatu zuen. Eskolaren desagertzea eta hezkuntza Instituzio berrien sorrera proposatzen du horrek. Honela sistema industrialak finkatutako instituzioak puskatu eta benetako aldaketa posiblea izango litzatekeela argudiatu zuen. Horiekiko menpekotasuna ezabatzeak herritarrei, sistema eztabaidan jartzeko eta honen balantzea egiteko aukera emango digula defendatzen du Illichek.
Kontzeptu eta ideia horietaz gain, beste asko eta asko aipatu beharko genituzkeen arren, azaldutako guzti hori kontuan hartuta, Didaktika zer den ondorioztatu dezakegu. Didaktika hausnartzea da; hezkuntza eta honen inguruko elementuen inguruan hausnarketa egitea, eta hausnarketa horren bidez hezkuntza-eskolari buruzko begirada kritikoa sortzea. Didaktika, bere barruan hartzen dituen kontzeptu eta ideia guztiak dira, eta horien inguruko hausnarketak eta eztabaidak ere. Izan ere, hausnarketarako espazioa den heinean, aldaketarako eta berrikuntzarako atea izan daiteke. Beraz, Didaktikak burutzen duen azterketaren helburua zera da, hezkuntza prozesuaren garapena aurrera eramatea eta hobekuntza posible egitea. Azken finean, ez al da hori edozein prozesuren azterketaren helburua?
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina