Gogoeta: Bakoitzaren begirada

Zein begirada eramango nuke eskolara?


Irakaslea bere begiradaren kontziente izan behar da beti. Honek irakasleak ikasleei zein lekutik begiratzen dien baldintztzen du erabat. Hortaz, oso garrantzitsua da bakoitzak duen begiradaz jabetzea eta begirada horrengan eragina duten baldintzatzaileen inguruan hausnartzea. Jakin behar dugu zergatik gaude gauden lekuan, eta zergatik dugun dugun begirada.

Pertsona bakoitzak identitate propioa dauka, bakoitzaren begiradaren iturburu nagusia dena. Identitate hori da pertsona bakoitza bakarra eta berezia egiten duena. Identitate hori zerbait abstraktua izan arren, osagai argi batzuen menpekoa da; jaioterria, jatorri kulturala-soziala-ekonomikoa, sexua, generoa, posizionamendu politikoa, egoera sozio-familiarra... Egoera material guzti horiek erabakigarriak dira bakoitza dena ulertzeko. Beraz, etorkizuneko irakasle bezala, nire identitatearen inguruan hausnartzen saiatuko naiz.

Ezer baino lehen, gizon zuri heterosexuala naiz. Nire jatorria europarra da eta, beraz, nire bizimodua, mendebaldeko bizimodua da. Agurainen jaio nintzen, Euskal Herriko herri handi xamar batean, eta betidanik herriko alde zaharrean bizi izan naiz. Afektiboki oso maitatua sentitzen naiz, betidanik nire familiaren sostengua eta arreta izan dut eta. Ama eta aita Euskal Herrian jaiotakoak dira, eta nire burura eskalduntzat hartzen dut. Franco dela eta euskara ikasteko aukera izan ez zuten arren, hizkuntza horrekiko errespetuz eta sentikortasunez hezitu naute. Txikitatik euskaraz ikasi dut, herriko ikastolan D ereduan sartu ninduten eta. Erabaki hori euskararekiko eta euskal kulturarekiko dudan jarreraren eragile nagusia izan dela esango nuke. Izan ere, euskalduna izateaz harro nago. Bestalde, nire gurasoak ikasketadunak dira eta lanean ari dira. Egoera ekonomiko onean bizi gara inolako dudarik gabe. Inoiz ez zaigu ezer faltatu, eta nahiz eta neurri batzuen barruan izan, kapritxoak asebetetzeko aukera izan dugu txikitatik. Kulturalki giro aberatsean hazi naizela uste dut. Etxean literatura, zinema, musika... beti egon dira presente. Egia esan, nire gustoak nire gurasoenen eboluzioa baino ez dira. Kulturarekiko jarrera horretaz aparte, gizartea begirada kritikoz aztertzearen garrantziaz kontzientziatu nahi izan didate. Bidegabekeria identifikatu eta arbuiatzeko hezitu naute.  Errespetuaren eta tolerantziaren balioak irakatsi dizkidate txikitatik, eta horiei leial izaten saiatzen naiz egunero. Ez da ezta beharrezkoa ere erlijioak nire bizitzan lekurik ez duela aipatzea, nahiz eta besteon sinesmenak errespetatzen ditudan.

Lehenengo gauza, pribilegioduna sentitzen naizela onartzea da. Gutxitan jasan izan ditut erasoak naizena izateagatik soilik. Begi bistakoa da nire identitatea zentzu askotan, gaur egungo gizarteak ezartzen dituen patroiak jarraitzen dituela (gizona, zuria, heterosexuala...). Hala ere, beste neurri askotan zapaldua sentitzen naiz. Pertsonek klasezko kontzientzia sortu behar dutela uste dut. Pertsonak gure egoeraz jabetu behar gara, gozatzen ditugun pribilegioetaz alde betetik, eta inposatzen dizkiguten erreprimitzeetaz bestetik. Hezkuntza da kontzientzia hori sortzen hasteko eremua. Ikasleak haien jatorriaz jabetu, eta haien begiradari forma eman behar diote.


Beste blog-etan saltseatzen...


Jokinek oso begirada kritikoa azaldu du bere blog-ean. Sistemaren inguruan gustatzen ez zaiona salatu eta argudio biribilak eman ditu bere ikuspuntua justifikatzeko. Herritarren pasibotasunaz eta bakearen errentagarritasunaz baliatzen den sistema deskribatu, eta horrekin ez konforme, sistema hori aldatzeko beharrezkoa den herri kontzientzia aldarrikatu eta hori indartzeko deia sutsua egin du. Pasa zaitezte bere blogean egindako sarreratik guzti horretan sakontzeko...



Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Zer da didaktika?

Metodologia Aktiboak

Zer da Curriculuma? Motak? Zehaztapen mailak?